XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMONA.- (Garaile tonuaz.) Eta urre txota honekin txintxona!

Berriro irabazi dizut, osotara despistaturik zabiltza.

Konzentratu beharra duzu jokoan.

Beste jokalditxo bat?

SILVIA.- Utikan kartak!

AMONA.- Zer gertatzen zaizu, ene laztana.

SILVIA.- Ezer ez. Utzi pakean!

AMONA.- Ez diozu zure amonari kontatuko?

Ahaztu al duzu txikitan kontu guztiak nirekin zirela?

SILVIA.- Zuk esanda: umeen kontuak ziren haiek, hazi naiz, neska kozkorra nauzu orain.

AMONA.- (Maitekiro.) Halaxe da, panpoxa, baina zure amona zahartzen ari da eta bilobaren mimoez gain, sekretuak behar ditu ezagutu.

SILVIA.- (Haspereka eta amonaren magalean kuzkurtua.) Anai-arrebarik ez, lagunekin ezin elkartu nahi dudanean eta gurasoek ez omen dute astirik nirekin jolasteko.

Aspertu egiten naiz.

AMONA.- Aspertu? Zu aspertu? Ez esan peilokeriarik!

SILVIA.- (Bereari eusten.) Aspertu egiten naiz gizurdeak Akuapark batean baino gehiago!

AMONA.- Eta jostailuak zertarako?

Zure armairuetan Hiru Errege Magoen kabalkadan baino jostailu gehiago dago.

SILVIA.- Jostailu zaharkituak, modaz pasata.

AMONA.- Eta lehengo udan oparitu nizuna?

SILVIA.- Pilak agortu zitzaizkion.

AMONA.- Erosi ba berriak!

SILVIA.- Esaiezu nire gurasoei.

Mila pzta. eta koska balio du berritzeak eta bizpahiru ordu besterik ez dute irauten.

AMONA.- Buena burra hemos comprao! Hori negozioa!

SILVIA.- (Altxatuz eta gaiaz aldatuz.) Amona, ez al zara aspertzen?

Aitona hil zenetik bakarrik bizi zara.

AMONA.- Aspertu? Egunero paseatzen eta irakurtzen dut, maiz aritzen naiz kartetan lagunekin, edo puntu egiten dut ere irratia entzuten dudan bitartean.